cabecera Federación vizcaína de empresas del metal
AVS
2//

 

Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak 2012-2015eko Plan Estrategikoa onartu du

 

Otsailean, “Bilboko Udal Etxebizitzak” erakundeak 2012-2015eko Plan Estrategikoa onartu zuen, eta, bertan, honako jarduketa-ardatz estrategiko hauek zehaztu ziren: herritarrei etxebizitza duina eskuratzeko aukera eskaintzea, auzoen arteko oreka eta kohesio soziala sustatzea, hiriko iraunkortasuna zein bizi-kalitatea bultzatzea, hiriaren proiekzio soziala nahiz irudia suspertzea eta udal-erakundea sozietate eraginkorra, hurbila eta modernoa izatea.

 

Planean bertan, hurrengo urteetan egingo diren sustapenak azaltzen dira, baita kasuan kasuko finantziazioa ere. Horrela, bada, babes ofizialeko 80 etxebizitza sustatuko dira Zorrotzan (proiektuko kalifikazio energetikoa A izango da), babes ofizialeko 173 etxebizitza eta osasun-zentroa eraikiko dira Miribillan eta 160 zuzkidura-bizitegi egingo dira Ametzolan. Planean bertan adierazten denez, lurzorua erosteko aukera ematen duten gune estrategikoen azterketa ere egingo da.

 

Higiezinen zaharberrikuntzaren, artapenaren eta hobekuntzaren sustapenari dagokionez, “Bilboko Udal Etxebizitzak” erakundeak 20 urtetik gorako etxebizitzak aztertu eta jarduketa-irizpideak azalduko ditu, behar bezala balioesteko eta sustapen berriekin erkatzeko. Alde horretatik, jarduketapean egon daitezkeen eraikinak zein diren zehazteko zaharberrikuntza-plana ere egingo du.

 

Era berean, udal-erakundeak bere higiezinen parkeko lokal komertzialak ere jarriko ditu enkantean, auzoetako jarduera ekonomikoa sustatzeko asmoz. Horrez gain, Plan Estrategikoaren arabera, “Bilboko Udal Etxebizitzak” erakundeak bere funtzionamendua ere hobetu nahi du, bere eginkizunen garapena eraginkorragoa izateko eta herritarren premien zein aurreikuspenen araberako kalitateko zerbitzua emateko.

 

2012 AVS Euskadi