cabecera Federación vizcaína de empresas del metal
sestaoberri
6//


Surbisak Olabeaga, Zorrotza eta San Inazio hartu ditu kontuan zaharberrikuntzarako proiektuetan

 

Otsailean, Surbisa Bilboko Zaharberrikuntzarako Hirigintza Sozietateko Kontseiluak 2012-2015eko Jarduketa Planeko funtsezko ardatzak aurkeztu zituen: hirigintzaren zaharberrikuntza eta merkataritzaren babesa. Bi zutabeak Bilboko ondare eraikiari buruzko azterketan daude oinarrituta, eta jarduketa-eremuak zein lehentasunezko guneak zein diren zehaztu da bertan.

 

Surbisak orain arte egindako lanari eutsiko dio, baina, horrez gain, bere jarduketa-eremua hedatuko du hiru gune berritara, bertan eraikin akastunak daudela antzeman dute-eta: San Inazio, Olabeaga eta Zorrotzako Zazpi Landa etxaldea. Guztira, 240 eraikin izango dira, eta 3.000 lagun bizi dira bertan.

 

Olabeagan, esaterako, 78 eraikinen ikuskaritza teknikoa (EIT) egingo da lehendabizi, mende erditik gorako antzinatasuna dute-eta. San Inazion, ordea, jarduketapean egon daitezkeen 113 bloke daude, eta euretako batek ere ez du igogailurik.

 

Surbisak aukeratutako azken eremua Zorrotzako goiko aldea da, Zazpi Landa etxaldea, hain zuzen ere. Bertan, 49 eraikin eta 725 bizilagun daude guztira. Etxaldea joan den mendearen erdialdeko kontrolik gabeko hirigintzaren adierazgarri da, eta hamar higiezinetatik bat "azpietxebizitza" da, 36 metro koadro baino gutxiago dituelako.

 

Merkataritzaren sustapena

 

2012-2015eko jarduketen bigarren zutabeari, hau da, merkataritzaren sustapenari dagokionez, Surbisa Alde Zaharrean hasiko da lanean. Bertan, kalitateko merkataritza ezarri nahi du lokal hutsetan, proiektu iraunkorren bidez. Auzoan garatutako jarduera komertzialen eta lokalen inbentarioa egin ostean, udal-sozietateak laguntzarako bulego teknikoa jarriko du abian, eta gremioen ibilbideak egingo ditu, eskaria sortu eta eskaintza antzematen duten estrategiak zein ibilbideak ezartzeko. Horrez gain, lokal itxietako erakusleihoak ere lagako ditu, beste jarduera batzuk garatzeko edo erakusketa-eremu handiagoa behar duten merkatariek horien ustiapena egiteko.

 

2012 AVS Euskadi