cabecera
NAGUSIA

 

Tomás Alonso. Euskadiko AVSko presidente berria:
“Apurka-apurka, alokairua nagusi da babes publikoko etxebizitzetako eskatzaileen artean”

 

2011ko urriaren 21etik, Tomás Alonso Euskadiko Etxebizitzak eta Lurzorua Sustatzeko Elkarteko (Euskadiko AVS) presidentea da. Aldi berean, Alonso bera Eusko Jaurlaritzako etxebizitzen sustapenerako Visesa sozietate publikoko Zuzendari Nagusia ere bada. Lehenago, ordea, Ignacio Maiza izan zen Euskadiko AVSko presidentea, baina Donostiako Etxegintza udal-sozietatean zeukan kargua utzi zuen iazko udal-hauteskundeen ondoren.

 

Galdera. Zein dira Euskadiko AVSren erronka nagusiak krisialdi honetan? Euskadiko AVSrentzat, bertako kideei euren helburuak lortzen laguntzea da erronka nagusia, eta, horretarako, lankidetza, arazoei buruzko eztabaida eta trukea sustatzen ditu. Hain zuzen ere, Euskadiko herritar guztiei etxebizitza duina eskaintzea da helburua, eta, horretarako, honako arlo hauetan lan egiten dugu: alokairu soziala, etxebizitza publikoaren sustapena, zaharberrikuntza eta hirigintza. Gaur egungo krisia oso sakona denez, are helburu garrantzitsuagoa da, gaur egungo inguruabarren arabera jende gehiagok duelako jarduketa publikoaren premia, etxebizitza duina alokatzeko edo prezio egokian erosteko orduan.

 

G. Zein dira presidentetza berriaren helburuak?

Euskadiko AVS gure eremu geografikoko elkargune berezia da. Bertan, etxebizitza-arloko eskumen esklusiboak ditugun arren, pisu esanguratsua dugu estatuko antolamenduan, eta gure kideek esperientzia handia dute etxebizitza publikoaren arloan. Agian, elkarte moduan, geure jakintza kanporatzea dugu erronka nagusi, modu integratuan jarduteko eta Euskadiko AVSren agerpena handitzeko. Sarritan, gainera, gure kideen banan-banako protagonismoaren itzalpean dago agerpen hori.

 

G. Eraikuntza hazkuntzaren sustatzailea izango ote da berriro?

Ez dirudi hurrengo urteetan 2009ra arte gertatutakoa berriro jazoko denik. Euskadiko egoerari dagokionez, hurrengo urtetik aurrera badirudi adierazleak modu selektiboan hobetzen hasiko direla, oraindik ere 2012an asko sufrituko dugun arren. 2011. urtean, amaitutako etxebizitza babestuen marka historikoa hautsi da, nahiz eta etxebizitza libreen kopurua oraindik ere oso urria den. Dena dela, eskari sorra dago zenbait gune eta sektoretan, prezioak, enplegua eta baldintza ekonomikoak noiz egonkortuko ote diren zain. Euskadin ere asko eraiki den arren, bertoko egoera ez da estatuaren gaineratikoaren parekoa. Orain, ordea, inork ez daki estatu osoan ezarritako egokitzapen-neurriek beste egoera batera eramango gaituzten ala ez…

 

G. Etorkizuna alokairua izango dela esan daiteke?

Ulergarria da alokairua gero eta ugariagoa dela pentsatzea. Izan ere, halaxe da. Hona hemen arrazoiak: lehenengo eta behin, etxebizitzen erosketarako finantziazioa lortzeko zailtasunak daude; eta, bestetik, gaur egungo inguruabar ekonomikoek eta lan-ziurgabetasunak eragin handia dute enpleguan eta gure mugikortasun geografikoan. Alokairuko etxebizitza sozialen eskaintza merkeena da herritarrentzat. Hala ere, ez da gehiago hedatzen finantziaziorik ez dagoelako. Hau da, ez dago fondo publikorik, aurrekontuetako murrizketak handi-handiak direlako, eta ez dago beste fondorik, merkatu finantzarioak ezer ematen ez duelako. Edonola ere, bitartekaritza publikorako programak daude, abian jarri dira, merkatu askeko etxebizitzak mobilizatu daitezke alokairurantz eta kostuak egokiagoak dira.

 

G. Burbuila berria sortu omen da alokairuetan, hiriburu askotan oso-oso garestiak direlako. Egia al da?

Salmentako etxebizitzen prezioak egokitu diren bezala, etxebizitza askeen alokairuen prezioak ere apurka-apurka egokituko dira seguruenik, gaur egun etxebizitza publikoen edo bitartekaritza publikoko etxebizitzen alokairu soziala kontuan hartuta aldea nabaria bada ere. Alokairua ez da honako bi arrazoi hauengatik hedatu: batetik, 60ko hamarkada baino lehen alokairuaren kultura galdu zen, gaur egun egiazkoak ez direla egiaztatutako topikoen ondorioz; eta, bestetik, jabeak ez dira maizterrekin fidatzen. Oztopo horiek gaindituz gero, baliteke aukera hori behin betiko hedatzea.

 

G. Zein da zaharberrikuntzaren garrantzia?

Zaharberrikuntza zentzuzkoa da erabat, eta oso-oso onuragarria da. Esate baterako, ez du Euskadin hain mugatua eta urria den lurzorua kontsumitzen etxebizitzak egiteko. Era berean, eraikin eta etxebizitzetako bizigarritasun-baldintzak eta eraginkortasun energetikoa ere hobetzen dituenez, oso eragin ona dauka ingurumenean zein iraunkortasunean. Bestetik, oso garrantzitsua ere bada horrelako jarduketek enpleguan daukaten eragina, eraikuntzako gremio askorentzako lana sortzen da-eta.

 

 

 

2012 AVS Euskadi