AVS EUSKADI ETXEBIZITZA ARLOKO LANIK ONENARI LEHIAKETAREN OINARRIAK

1. Parte-hartzaileak.

Lehiaketa honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Publiko eta Pribatu guztiek parte hartu ahal izango dute, betiere, xede soziala etxebizitza-beharrizanak betetzearekin zuzenean edo zeharka lotuta badaude.

2. Gaiak.

Lehiaketa irekia da; izan ere, etxebizitza-beharrizanak modu eredugarrian betetzen lagunduko duten etxebizitza arloko praktika onak sarituko ditu. Beharrizana duten pertsona guztiei etxebizitza duina eskuratzen laguntzeko xedea lortzen lagunduko duten etxebizitza babestuaren esparruko eta esparru pribatuko lanak bereziki hartuko dira aintzat, arreta berezia jarriz higiezinen merkatura sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetan. Eta hori, bai merkatuan etxebizitza berriak sartzea eta/edo alokairua bultzatuko duten baliabide arau-emaile berrien edo programen diseinuari dagokionez, zein etxebizitza berrien eta zaharberrikuntzen esparruan egindako lanei dagokienez. Horrela, bada, lortutako emaitzak edo eskariari erantzuteko gai diren etxebizitza edo ostatuak sustatu, mobilizatu edo kudeatzeko aukera errealak hartuko dira aintzat, bai eta esku-hartzean parte hartuko duten pertsonen edo kolektiboen kopurua ere.  

Epaimahaiak, besteak beste, honako balioak hartuko ditu kontuan: jardueraren edo kudeaketaren berrikuntza, dinamizazio soziala, susperraldi ekonomikoa, kudeaketaren berezitasuna, zuzkidura publikoen sorrera, hiri-hazkunde antolatua eta ez banandua, herritarren parte-hartzea, garapen iraunkorra, gizarte-kolektibo zehatzetan esku hartzeko zailtasuna, bitartekaritza eta hiri-leheneratzea.

Era berean, sektore edo erakunde desberdinetako parte-hartzaileen ahalegina bateratzea lortu duten lanak ere baloratuko dira.

3. Aurkeztu beharreko materiala.

AVS Euskadi Sarietako hautagaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

3.1. Lana zehaztuko duen memoria. Gehienez 4 orrikoa izango da, paperean egindakoa A4 formatuan. Proiektuaren deskribapen laburra izan behar du, aurrekarietatik hasi eta garapenera arte, eta honakoak jaso behar ditu:

• Lanaren ardura duen erakundearen eta ordezkarien izena.
• Beste kolaboratzaile batzuk.
• Proiektuaren izena.
• Proiektuaren urtea.
• Aurrekontu osoa edo banakatua.

3.2. Gutxienez, bi panel, euskarri zurrunean, DIN A1 formatuan. Paneletan lanaren irudiak eta sinopsi deskriptibo labur bat jaso behar dira.

3.4. Aurkezteko eta bidaltzeko era.
Memoria Word dokumentuan aurkeztu behar da, Memoria.doc izenburuarekin, eta gehienez 12 puntuko gorputza duen testuan idatzita. Bi panelak, DIN A 1 formatuan, euskarri zurrunean.

Gainera, dokumentazioa osatzeko, beste CD/DVD bat ere aurkeztu ahal izango da, bideo estandarreko formatuan, DVD-erreproduzitzaile estandar batean ikusteko moduan.

3.5. Aurkezteko lekua eta epea.
Proposamenak Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen bulegoetan aurkeztu daitezke edo bertara bidal daitezke, izan ere, horixe da AVS Euskadiko Presidentziaren gaur eguneko egoitza.

Gutunazalean datu hauek jarri behar dira:
"AVS EUSKADI etxebizitza arloko lanik onenari” lehiaketa
Udal Etxebizitzak
Kristo kalea 1, 4. solairua • 48007, Bilbao

Proposamenak aurkezteko azken eguna 2008ko abenduaren 15a izango da, 14:00etan. Postaz bidaltzen diren proposamenei dagokienez, zigilu-markan agertzen dena hartuko da aurkezpen-eguntzat

3.6. Epaimahaia.
Epaimahaia mistoa izango da; izan ere, AVS Euskadiko ordezkariek eta profesionalek nahiz etxebizitza babestuen arloan adituak diren pertsonek osatuko dute.

3.7. Epaia.
Epaimahaiaren epaia apelaezina izango da, eta gehiengo sinplez hartuko da, gutxienez. Epaia aurretiaz iragarritako ekitaldi batean jakinaraziko da jendaurrean. Lehiaketan parte hartu dutenak ekitaldira gonbidatuta egongo dira.

3.8. Sariak.
Sari bakarra egongo da: Koldo Etxebarria artistaren lan originala: Izatearen isiltasuna.

3.9. Sariak Banatzeko Ekitaldia.
2009ko urtarrilaren 20an, 19:30etan, BilboRock, Marzana Kaia 1, Aintzineko La Merced Eleiza, Bilbao.

3.10. Erakusketa.
Lehiaketa amaituta, erakusketa bat antolatuko da jasotako lanekin. Erakusketa ibiltaria izango da, AVS Euskadiko bazkideek egoki iritzitako instalazioetan jarriko baita ikusgai.

3.11. Egile-eskubideak.
Aurkeztu baina saririk jaso ez duten lanek egilearen jabetzakoak izaten jarraituko dute; hala ere, AVS Euskadik bere argitalpenetan erreproduzitu ahal izango ditu, egileen aipamena eginez.

3.12. Oharrak.
Antolatzaileek arreta handiz erabiliko dituzte jasotako proposamenak, baina ez dute inolako erantzukizunik izango, lehiaketan zehar egindako bidalketan eta, hala badagokio, erakusketa ibiltarian izan daitezkeen galera, haustura edo kalteengatik.

3.13. Saritu gabeko lanak.
Saririk jaso ez duten lanak berriro jaso ahal izango dira, aurretiaz xede horretarako idazkia aurkeztuta eta aurkeztu izana egiaztatzen duen frogagiria erakutsita. Lanak jasotzeko epea bi hilabetekoa izango da, azken erakusketa amaitzen denetik zenbatzen hasita. Aurreikusitako epean jasotzen ez diren lanak AVS Euskadiren agiri-fondoan sartuko dira.

Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek guztiak onartzea dakar.